GIZARTERATZEKO ERAKUNDE ARTEKO II. PLANA - 2007-2009
Eskuartean daukazuen 2007-2009ko Gizarteratzeko Planaren bidez, eguneratu, indartu eta hobetu egin da gizarteratzeko eta gizarte babesa emateko euskal eredua. Sinetsita gaude planean proposatzen diren neurriak baliagarriak izango direla euskal erakundeek pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako borroka sustatzeko, eta sinetsita gaude, orobat, apustu irmo bat direla baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden taldeei gizarteratzen eta lan munduan sartzen laguntzeko. Plana zehazteko eta behin betiko idazteko, kontsultak egin dizkiegu gizarte bazterketaren aurkako politiken esparruan esku hartzen duten gizarteko eta erakundeetako hainbat eta hainbat eragile esanguratsuri, eta Eusko Jaurlaritzan aurkeztu zenean, ganberako gehiengo absolutuaren babesa izan zuen. Beraz, askoren sostengua duen plan bat.
Aurreko planak bezalaxe (Gizarteratzeko Plana - 2003-2005), bazterketa kausa askoren ondorio gisa hartzen du, eta erakunde eta sail arteko plan bat da. Bertan, enplegua, osasuna, etxebizitza, hezkuntza, justizia eta beste arlo batzuekin uztarturiko neurriak biltzen dira, arlo horiek denek ere modu erabakigarrian eragiten baituten bazterketa egoerak sortzeko orduan.